Aldaketaren haziak
Nafarroako ikastetxeetako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoari buruzko hezkuntza-programa
Ekogela CPAEN/NNPEKren proposamena da, Nafarroako ikastetxeekin lankidetzan aritzeko, elikagai ekologikoen ezagutza eta onurak handitzeko.
Ekimenak honakoak barne hartzen ditu: irakasleei elikagai ekologikoei eta horien etiketei buruzko prestakuntza ematea, ikasleak hezkuntza-jardueren bidez sentsibilizatzea, eta familiak nutrizioaren inguruko tailerren eta elikagai ekologikoekin sukaldaritza-eskolen bidez sentsibilizatzea. Gainera, EKOplanak eskaintzen ditu ikasleentzat, hau da, bisita gidatuak Nafarroako nekazari eta abeltzain ekologikoei.
Hezkuntza-proiektua Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleentzat da eta doakoa da Nafarroako ikastetxe guztientzat.
Europar Batasuneko nekazaritza-eredua jardunbide jasangarriagoetara eraldatzea lehentasuna da, eta gure planeta zaintzea eta elikaduraren arloan etorkizun osasungarria eta jasangarria bermatzea ditu helburu. Printzipio horiekin batera, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak, jasangarritasuna ez ezik, elikagai osasungarriak eta kalitate handikoak eskaintzea ere sustatzen du, landa-garapena bultzatuta eta nekazaria edo abeltzaina denarentzat bizi-maila egokia bermatuta.
CPAEN/NNPEK Nafarroako kontrol-agintaritza publiko bakarra da eta nekazaritza ekologikoa ziurtatzeaz eta sustatzeaz arduratzen da 1996tik.
Helburuak
-
HEZTEA
eta elikagai ekologikoei buruzko ezagutza handitzea, ikastetxeetako hezkuntza-programaren bidez.
-
SUSTATZEA
elikadura-ohitura osasungarriak eta jasangarriak, osasun-agintaritzak bermatutako nutrizio-irizpideei jarraiki, dieta osasungarri, orekatu eta askotariko batekin.
-
BALIOAN JARTZEA
Nafarroako sektore ekologikoa, hau da, gure lurraldea zaintzen duten eta elikagai osasungarriak eta jasangarriak eskaintzen dizkiguten ekoizleak.
-
PRESTATZEA
irakasleak, elikagai ekologikoei eta haien etiketei buruzko ezagutzak transmititu ditzaten.
-
SENTSIBILIZATZEA
ikasleak eta familiak, elikagai ekologikoen eta Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren onuren inguruan.
Hezkuntza-programa
Irakasleentzako prestakuntza
CPAEN/NNPEKko teknikariek ematen dute prestakuntza, irakasleek funtsezko ezagutzak izan ditzaten, elikagai ekologikoak zer diren, nola landatzen diren, ingurumenean zer onura dituzten eta etiketen bidez nola identifikatu behar diren jakiteko.
Ikasleak sentsibilizatzea
CPAEN-NNPEKk elikadura osasungarri eta iraunkorraren inguruan garatutako unitate didaktiko bat lantzen da hainbat saiotan, gelan. Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleentzat da.
Familiak sentsibilizatzea
Guraso-elkarteentzako hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen dituzte, familia giroan elikagai ekologikoen onurak ezagutzeko eta nutrizio ekologikoari buruz ikasteko.
Horrez gain, profesionalek emandako sukaldaritza-klaseetara joateko aukera ere badago, elikagai ekologikoekin egindako elaborazioak ikasteko.
Eskola-EKOplana
Nafarroako nekazari eta abeltzain ekologikoak bisitatzeko aukera eskaintzen da, bertatik bertara ezagutzeko elikagai ekologikoak nola lantzen eta ekoizten dituzten, hamaiketako ekologikoa barne.
Animatu eta parte hartu!
CPAEN/NNPEKn badakigu ikastetxeak leku ezin hobeak direla balio horiek transmititzeko, irakasleen gaitasunei eta ikasleek ikasturtean zehar duten ikasketa-dinamikari esker.
Informazio gehiagorako edo izena emateko, bete honako formularioa eta zurekin harremanetan jarriko gara:
Gurekin harremanetan jartzeko aneva@cpaen.org helbide elektronikoa edo 685 934 874 telefonoa ere erabili ditzakezu.