'Tuterako Tomate Itsusia' lehiaketa ospatuko dute heldu den irailaren 1 eta 2an Tuteran. Bertako Remigio jatetxeak antolatzen du lehiaketa, eta bederatzi urtez ospatu ostean, udako ekitaldi garrantzitsu batean bilakatu da txapelketa. Dudarik gabe, urtez urte hazi egin da ekitaldiaren ospea eta erreferentziazko hitzordua da tomate zaleentzat.
Izan ere, tomate mota honen kalitatea eta zapore mamitsua goraipatu nahi dute, tomate hau landatzen duten ortuzainen lana laudatzen den bitartean ere. Bi kategoriatan lehiatuko dira parte hartzaileak. Alde batetik, tomate onena izendatuko dute, zaporerik goxoena duena. Adituen epaimahai batek erabakiko du zeintzuk diren zaporetsuenak. Bestalde, lehiaketaren izenari ohore eginez, publikoak tomate itsusiena hautatuko du bozketa bidez. Bi kategorietan tomate ekologikoen parte hartzea nabarmentzekoa da.
Nafarroan klima eta lurra ezin hobea dago tomatea landatzeko eta Luis Salcedo Remigio jatetxearen chefak adierazi duen bezala, “tomatea udako produktu izarra da eta bultzada eman behar diogu”. Orain arte, txapelketaren bederatzi edizioek Tuterako Santa Ana jaiekin bat egin dute, baina aurten datak aldatu dira “tomatearen denboraldi hobea delako udaren amaiera bai kalitatean eta baita kantitatean ere”.
Lehiaketak aurreko urteetako dinamika bera izanen badu ere, hainbat berrikuntza egonen dira tomate itsusiaren inguruan. Irailaren 1ean, ostiralarekin, mahai ingurua egonen da Nafarroako antzinako tomate barietateen inguruan eta horren ondotik afaria egonen da Remigio jatetxean. Bertan, dudarik gabe, tomatea izanen da gauaren protagonista.
Irailaren 2an, larunbatarekin, berriz, goizeko 10:00etatik izanen da lehiaketa eta eguerdian argituko dute nortzuk izanen diren sarituak. Bitartean, Tuterako merkatuan adin guztientzako jarduerak egonen dira. Adibidez, Helianto kolektiboak haurrentzako hazien tailerra antolatu du eta Recetas Gamberras blogeko David Poleyk sukaldaritza tailerra emanen du. Horrez gain, olio ekologikoaren dastaketa egonen da Artajoren eskutik eta pintxoen dastaketa Elkarte Gastronomikoen Federazioaren eskutik.
Tuterako itsusiak biribil itxura du, kolore gorria eta baratzeko zaporea. Horrela deitzen diote hamargarren aldiz Remigio Tuterako jatetxeak antolatuko duen tomate lehiaketari: Tuterako itsusia (Nafarroako Erribera osoan ekoizten da). Tomate horren berezitasuna da itxuragabea dela. Zulo eta zimurrez josiriko barazkia da, eta itxuraz inor gutxik erosiko luke supermerkatuan. Denda txikietan bakarrik topa daiteke tomate mota hori, ez baita merkaturatzen. Berriro ere, tomate itsusia asteburu oso baten protagonista izanen da.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org