“Bertako barietateak - Semillas de Biodiversidad” proiektua Arakilgo Udalak sustatutako ekimena da eta Arrea elkartea izan da hau burutzeko arduraduna. Proiektua 2020an hasi zen garatzen, Sakana Garapen Agentziaren laguntzarekin.
Proiektu honen helburua lurraldeko nekazal-bioaniztasuna, nekazal-ekosistemak eta landa-garapen endogenorako beharrezko ezagutzak kontserbatzea, berreskuratzea eta balorizatzea da. Nekazal barietate tradizionalak, hain zuzen, nekazaritza iraunkor eta ekologikorako ezinbesteko baliabide dibertsifikatuak dira, kalitatezko elikagaiak tokian ekoitzi eta kontsumitzeko eta hauek kanal laburren bitartez merkaturatzeko balio gehigarria baitute.
Urte honetan, proiektuaren barnean72 elkarrizketa egin diete Arakilgo hainbat herritako 53 pertsonari, eta nekazaritzaren erabilerari eta bertako barietateei buruzko informazioa bildu dute. “Harrigarria izan da inguru horretan aurkitu dugun barietate tradizionalen kopurua, bereziki fruitarbolak eta, zehazkiago, udareak. Hala ere, horietako asko desagertzeko arriskuan daude”, adierazi dute. Oraingoz, 13 espezie desberdinetako 70 bertako barietate identifikatu dira: Udareak, aranak, sagarrondoak, pikuondoak, hurritzak, intxaurrondoak, mahatsondoak, gaztainondoak, mizpiroak, irasagarrak, pomoak, babarrunak eta porrua. Hona hemen aurkitu ditugun batzuk: S. Juan udarea, Campana udarea, Pelotxas aranak, sagarra Muturluze sagarra, piku zuria, Ostabeltza gaztain mota edo “Ojo de Perdiz” babarruna.
Bildutrako ezagutza ekologiko tradizional guzti hau sistematizatu egin da, barietateen fitxa bana egin da, eta horiekin Dibulgazio-Gida bat argitaratuko da 2021ean.
Horrez gain, urte honetan, aurkitutako tokiko barietateak ugaldu eta banatu egingo dira, hauen erabilera bailaran zehar zabaltzeko, zaintza-sarea sendotzea bilatuko da, hazien-banku bat sortuko da eta, honekin guztiarekin batera, prestakuntza eta sentsibilizazio-jarduera berriak antolatuko dira, hala nola gaztainondoen zaintzari buruzko kurtso bat, frutazaintza ekologikoari buruzko tailerrak edo babarrun-hazkuntzako ikastaro bat, besteak beste.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org