CPAEN/NNPEKk 25 urte bete ditu, 2.500etik gora elikagai ekologiko ziurtatuta, eta hektarea nahiz operadore kopuruan hazita

NNPEKek 25 urte bete ditu eta hazkunde etengabean ari da, 2015etik hona. Gero eta operadore gehiago dira, bai eta hektarea gehiago ere. Une honetan, 2021eko maiatzeko datuen arabera, 724 operadore ditu eta 60.471 hektarea ziurtatu; hau da, Nafarroan, operadore kopurua %5,58 hazi da eta nekazaritza azalera, berriz, %6,77. Hala ere, hori oso urrun dago Europako Batzordearen “Etxaldetik mahaira estrategiak” ezarritako kopurutik. Izan ere, Europako azalera ekologikoak %25era iritsi beharko luke 2030ean. Bestalde, NNPEK erakundearen 25. urtemuga ospatzeko egitaraua azkentzen ari dira. Ospakizuna irailaren 24an, 25ean eta 26an eginen da, Noaingo Zentzumenen Parkean.

Elkarbanatu

Elkarbanatu

 
Gora doa etengabe Nafarroako ekoizpen ekologikoa. Izan ere, 2021eko maiatzeko datuen arabera, operadore kopuruak %5,58 egin du gora, 2020ko urtarrilaz geroztik. Guztira, 465 nekazari eta 68 abeltzain ari dira Nafarroan elikagai ekologikoen ekoizpenean, bai eta 179 enpresa eraldatzaile, 39 biltegi-enpresa eta 9 inportatzaile ere. Figura horiek guztiek goiti egin dute 2020ko urtarriletik hona, abeltzaintzan izan ezik, bi langile gutxiago baititu. 
 
Nafarroan, gaur egun, 60.000 hektarea ziurtatu baino gehiago erabiltzen dira ekoizpen ekologikorako; hau da, Nafarroako nekazaritza azaleraren %6,77. Labore nagusiak larreak (46.357 hektarea), zerealak (4.108 hektarea), mahastiak (1.361 hektarea), olibondoak (813 hektarea) eta barazki freskoak (563 hektarea) dira. Guztira, 2.500 elikagai baino gehiago daude ziurtaturik 35 elikadura-sektoretan. 
 
Azken urteotan izaniko hazkundeak, ordea, jauzi handia egin beharko luke, Europar Batasunaren eskakizunak beteko badira. Izan ere, “Etxaldetik mahaira” estrategiarekin bat, nekazaritza azalera ekologikoak %25etik gorakoa izan beharko du 2030ean, eta egia esan, Nafarroan oraindik ere zenbaki horietatik urrun gabiltza. Bestalde, arlo batzuk ez daude sektore ekologikoan ordezkaturik, eta aukera ematen dute haietan hasteko edota trantsizioa egiteko: txerri-azienda, untxiak, esnetako behiak, babarrunak edo egoskariak, adibidez. 
 
Horretarako, NNPEKk lanean jarraituko du sektorea ekoizleekin batera egituratzeko eta tokiko elikadura-sistema jasangarriagoak eraikitzeko, betiere Europako Batzordearen “Etxaldetik mahaira” ekimenaren helburuak betetze aldera eta nekazariei eta abeltzainei lagunduta, ohiko ekoizpenetik ekologikoranzko trantsizioa egin dezaten. 
 
NNPEKk operadoreak ugaritzeko eta nekazaritza azalera ekologikoa handitzeko asmoa dauka, datozen urteotan. Horretarako, hainbat helburu ezarri ditu: hots, herritarrak oro har sentsibilizatzeko prozesua lantzen jarraituko du, jendea ohartzeko zeinen garrantzitsua den kontsumitzea elikagai ekologikoak, tokikoak, freskoak, garaian garaikoak eta ekoizpen primarioraekin hornitutakoak; eta era berean, ekoizpen ekologikoak eta hartan ari diren pertsonek duten garrantzia azpimarratzea, despopulazioaren aurka diharduen landa-mundu biziari eusteko. 
 
Nafarroak Europako estrategiarekin bat eginik, uste izatekoa da Nafarroako sektore ekologikoak hazkunde nabarmena izanen duela datozen urteotan, beste autonomia batzuetan eta Europako zein munduko beste herrialde batzuetan dauden zenbakiekin bat. 
Horren haritik, Espainia da oraindik ere ekoizpen ekologikoari azalerarik handiena eskaini dion herrialdea, eta ondoren, Frantzia eta Italia heldu dira. Ehunekoei erreparatuta, dena den, Espainia urrun dago beste herrialde batzuetatik, hala nola Austriatik (nekazaritza azaleraren %25,3 dauka ziurtatua ekologikoan), Suediatik (%20,4), Estoniatik (%22,3) edo Italiatik eta Txekiar Errepublikatik, biek ere %15etik gora baitute. Espainian, %9,7 da. Nafarroan, berriz, arestian esan dugun bezala, %6,77. 
 
25. urtemuga irailean
NNPEK 1996an sortu zen, eta ekoizpen ekologikoa kontrolatu, ziurtatu eta sustatzeko agintaritzari dagozkion eginkizunak hartu zituen bere gain; agintaritza bakarra, gainera. Orduan, 700 hektarea ziren eta, horrekin batera, pertsona talde bat, elikagai ekologikoak ziurtatu eta sustatzeko erakunde bat sortzearen garrantziaz guztiz jabeturik. Hasieran, hura talde txikia zen. Egun, ordea, sektore estrategikoa da, urtez urte tokian-tokian, estatuan eta munduan etengabe hazten ari dena. 
 
Mugarria ospatze aldera, NNPEK urtemugaren egitaraua azkentzen ari da. Zehazki, Noainen eginen da, irailaren 24tik 26ra, Nafarroako VI. Azoka Ekologikoarekin bat. Azokaz gain, gauza aunitz antolatuko dira, hala nola erakusketak, tailerrak, musika animazioak, kontzertuak, sukaldaritza ekologikorako eremua, bai eta bertako arrazen erakusketa ere. Beraz, sektorea jendearengana hurbiltzeko modu ezin egokiagoa izanen da, eta horrela, herritarrek aukera ederra izanen dute 25 urteko ibilbidearen ekarpena bertatik bertara ezagutzeko. 
 
Jantoki osasungarriak eta jasangarriak
NNPEK erakundearen lan ardatzetako bat da proiektu estrategikoak gauzatzea da Nafarroako sektore ekologikoa egituratzeko, eta ekoizpen ekologikoa eta haren kontsumoa Foru Komunitatean indartzeko. 
 
Hainbat urtetako lanari jarraikiz, NNPEKek hitzarmen bat sinatu du 2021ean Landa Garapeneko Departamentuarekin, jantoki kolektiboetan elikagai ekologikoak, tokikoak eta ekoizpen primarioarekin hornitutakoak sartzea sustatzeko. Alde batetik, lan-ardatz bat garatuko da Nafarroako sektore ekologikoarekin, kolektibitateak hornitzeko, egituratzeko eta profesionalizatzeko. Bestetik, jantoki kolektiboei lagunduko zaie elikagai ekologikoak sartzen. Zehazki, aurten, eskualdeetako ikastetxe publiko batzuekin, Atarrabiako haur eskolarekin eta Gure Sustraiak baserri eskolarekin lan eginen da. Aurreikuspenen arabera, eguneko 2.000 menu berri inguru izanen dira. 

Bilatu

Kategoria zabalduenak

Artikuluak dataren arabera

Buletina

Izena eman!

Harpidetu!

Ez galdu azken istorio eta promozioak

jakin nork sortzen duen ECO

Guztia ziurtagiri ekologikoari buruz

Jarraitu gaitzazu!

Egunean egoteko

Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org