Nafarroako Hazi Sareko Ester Montero kidea elkarrizketatu dugu. Duela hamar urtetik hona Nafarroako Hazi Sarea tokiko barietateen haziak berreskuratzeko, kontserbatzeko eta banatzeko lanean ari da, nekazariek horiek erabiltzeko, mantentzeko eta ugaltzeko duten eskubidea defendatuz. Dena "baliabide ekonomikotzat" hartzen den mundu honetan, Hazi Sareak dio nekazaritza-biodibertsitatea gizateriaren ondasuna dela, eta horren mende dagoela haren biziraupena. Gainera, heldu den irailaren 5ean VI. Antzinako Tomatearen Azokan egonen dira, hain zuzen ere, EKOmerkatuarekin batera ospatuko dena Iruñeko Autobus Geltoki Zaharrean.
Nola sortu zen Nafarroako Hazien Sarea eta zein dira haren helburuak?
2010ean sortu zen, hainbat pertsona elkartuta, helburu hauekin: nekazaritzako biodibertsitatea babestea eta intereseko nekazaritza-barietate tradizionalak (barazkiak, fruta-arbolak...) kontserbatzea, baratzeak hornitzeko haziak trukatzea bultzatzea, nekazariek biodibertsitatea erabiltzen, mantentzen eta sortzen jarraitzeko duten eskubidea defendatzea, horiek erabiltzeko legezko mugak salatzea, laborantzan biodibertsitatea nekazarien eskuetan mantentzearen garrantziaz kontzientziatzea, …
Zer dira barietate tradizionalak eta zer ezaugarri dituzte?
Nekazarien hautatzeko prozesu historiko baten bidez bereizi diren barietateak dira. Hona hemen ezaugarri nagusietako batzuk:
• Eremuko baldintza zehatzetara eta nekazaritza tradizionaleko tekniketara egokituta (klima, lurzorua, izurriteen aurkako erresistentzia, ur-eskasia, etab.).
• Bideragarritasun handia aldaera beraren barruan, eta horrek malgutasun handiagoa ematen du perturbazioen aurrean
• Nekazariek hautatzen dituzte, tokiko faktoreak, erabilerak eta ezaugarri espezifikoak (zaporea, usaina, etab.) kontuan hartuta, eta ez nekazaritza industrialaren irizpideak (mekanizazioa, homogeneotasuna).
• Hazi libreak dira, ez dute jabetza-eskubiderik, patenteak.
• Oro har, industrialek baino ezaugarri gastronomiko hobeak eta mantenugai gehiago dituzte.
Zer garrantzi dute tokiko barietateek/tradizioek elikadura-subiranotasunaren bidean?
Lurraldeek zer eta nola lantzen duten eta zer elikadura mota nahi duten erabakitzeko duten eskubidea hazien bidez hasten da. Elikadura-burujabetzarako funtsezkoa da ekoizleek beren haziak, fruta-arbolak, zurezkoak... ugaltzeko aukera izatea, eta horrek mesede egiten die elikadurari, autonomiari eta biodibertsitateari.
Nekazaritzako biodibertsitatea mantentzea eta berreskuratzea funtsezkoa da tokiko ekoizpen-sistemak bilatzeko, egonkorragoak, iraunkorragoak, aldaketetara egokitzeko aukera handiagoak dituztenak (klima-aldaketak, laborantza-baldintzak…).
Sare bat sortu da tokiko barietateak landu eta kontserbatzeko?
Estatuan hazi-sare bat dago, eta sare horretan parte hartzen dugu beste lurralde-sare batzuekin batera.
Egiten dugun lanetako bat baratze biderkatzaileen sare bat sortzea da. Baratze horiek urtero barietateak ugaltzen dituzte, eta konpromisoa hartzen dute labore-baldintza jakin batzuk betetzeko, barietatearen osasuna eta mantentzea ziurtatzeko, eta haziaren zati bat hazi-sareari emateko, kontserbatu dadin.
Zergatik da hain garrantzitsua haziak nekazarien esku egotea?
Nekazaritza-biodibertsitatea gizateriaren ondasuna delako, eta ez baliabide ekonomiko hutsa, eta haren mende dagoelako bizirautea,. Haziak dituenak zer eta nola landu erabakitzeko gaitasuna du, zer elikadura izan nahi dugun. Kanpoko intsumoekiko (haziekiko, besteak beste) mendekotasuna murrizteak nekazaritza jarduera ekologiko, sozial eta ekonomiko iraunkorragoa eta bidezkoagoa bihur dezake.
Tokiko barietateak nekazarien ezagutzarekin lotuta daude, eta ezagutza horren eskutik eboluzionatzen joan dira nekazaritzaren historian zehar, eta lotura hori galtzen badute, ezaugarri eta interes asko galtzen dituzte.
Zergatik dira hain garrantzitsuak tokiko barietateak eta barietate tradizionalak ekoizpen ekologikoan?
Izan ere, ekoizpen ekologikoan ahalik eta sistema anitzena sortu nahi dugu, oreka handiagoa lortzeko. Gainera, barietate tradizionalak landatarragoak eta erresilienteagoak dira, tokiko baldintzetara egokitzeko gaitasun handiagoa dute eta izurrite eta gaixotasunekiko erresistentzia handiagoa dute, aniztasun genetikoa dutelako.
Zein da Nafarroako egoera bertako hazi eta barietateen kontserbazio eta ekoizpenaren inguruan?
Munduan nekazaritzako biodibertsitatearen % 80 galdu dela kalkulatzen da. Nafarroan egoera are okerragoa da, baina laboreen arabera aldatzen da:
Zerealaren barietate tradizionalen ia % 100 desagertu da, gauza bera gertatzen da bazka-landareekin edo animaliak elikatzeko lekadunekin.
Zurezko laborantzetan, barietate komertzial gehienak barietate "hobetuak" dira, batez ere fruta-arbolarik ohikoenetan, ardogintzako mahatsondoak eta olibondoa izan ezik.
Autokontsumorako erabiltzen diren tokiko fruta-arbolen barietate batzuk geratzen dira, baita abandonutik bizirik iraun duten beste batzuk ere.
Barazkietan, barietate hibridoak erabiltzen dira gehienbat merkataritza-ekoizpenean. Hala ere, autokontsumoko baratzeetan askoz ere tokiko barietate gehiago daude; izan ere, araututako merkataritza-jarduerarik egon ez denez, haziei ezarritako arauditik, nekazaritza-politikatik edo merkatu globalaren arauetatik kanpo geratu ahal izan dira. Horregatik, autokontsumoko baratzeak benetako biodibertsitate eta kultura-gordailuak dira. Sasoiko elikadura lokal eta dibertsifikatuan duen eginkizuna funtsezkoa izan da eta da giza dietan, batez ere bizi dugun krisi-garaian.
Nafarroako Hazi Saretik, barietate asko berreskuratu dira?
Bada, Nafarroako tokiko 100 bat barietate ditugu, baina gure lana askoz haratago doala uste dugu. Duela 10 urte hasi ginenean, ia inork ez zuen nekazaritza biodibertsitatearen garrantziaz hitz egiten, ezta tokiko barietateak gorde eta erabiltzeko beharraz ere. Gaur egun, gero eta sentsibilizazio handiagoa ikusten dugu, nahiz eta egiteko asko dagoen. Oraindik ere desagertu egiten dira ia egunero barietateak, hiltzen diren eta haziak landatzeari uzten dioten ortuzainekin, inork erreleboa hartu gabe. Baina jende asko ere hasi da haziak gordetzen eta birereiten...
Otsailean bertako barietateak ugaltzeko jardunaldiak antolatu zenituzten. Nola egiten da biderketa?
Desagertzeko arrisku handiena duten barietateak hautatzen dira, eta “zaintzaileei” (bazkide eta laguntzaileei) eskaintzen zaizkie.
Bakoitzak erabakitzen du zer biderka dezakeen, eta jardunaldietan hazia edo landarea banatzen da, hazi osasuntsua, kalitatezkoa… lortzeko kontuan hartu beharreko irizpideen, konpromisoen eta abarren berri emanez. Saretik laborearen bilakaeraren, gorabeheren, zalantzen eta abarren jarraipena egiten dugu. Hazia lortu ondoren, zati bat sareko bankura itzultzen da.
Nola lagundu haziak nekazarien artean trukatzen?
Garrantzitsua da tokiko barietateak kontserbatzearen garrantziaz eta hazi hibridoekiko desberdintasunez jabetzea, balioan jartzeko.
Topaguneak, sareak eta abar eskaintzea.
Espezieen ugalketari buruzko prestakuntza eskaintzea.
Haziak berreskuratzeak herritarren kontsumoa eta ezagutza ere barne hartu behar du, ezta?
Ezinbestekoa da, ekoizten dena jaten dugu, baina kontsumitzen dena ekoizten dugu.
Tokiko barietateen ezagutza eta kontsumoa herritarrengana hurbildu behar da (dastatzeak, dibulgazioa, formakuntza...), eta balio erantsitzat hartu behar da.
Elikagaien ekoizpenak bi aurpegi ditu. Eta bestea kontsumoa da. Ezin dugu espero eredua aldatzea alde guztien inplikaziorik gabe.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org