Nafarroako sektore ekologikoak hazten jarraitzen du bai azaleran bai operadore kopuruan

CPAEN/NNPEKk txostena aurkeztu du 2021eko Nafarroako sektore ekologikoaren datuekin. Txostenak modu jarraian azken urteetan hazkundea egon dela erakusten du, hala azaleran nola ekoizleen kopuruan. Egun, 62.000 hektarea eta 746 operadore izatera iritsi da sektore ekologikoa.  Kontsultatu dossierra hemen

Elkarbanatu

Elkarbanatu

● Gaur egun, Nafarroako sektore ekologikoaren barne, CPAEN/NNPEKk ziurtatutako 62.043 hektarea ekologiko daude, hala nola 2.500 elikagai ekologiko ziurtatu, 35 sektoretakoak, eta 746 operadore. Datu hauek %6,9ko hazkundea erakusten digute operadoreei dagokienez eta %2,6koa azaleran, iazko datuekin konparaturik. 
 
● Nafar nekazal lurren %7ak ziurtagiri ekologikoa du. Europar Komisioaren estrategiaren arabera, Baserritik Mahaira izenekoa (‘Farm To Fork’ / ‘De la Granja a la Mesa’), kopuru honek %25ekoa izatera ailegatu behar du 2030 urterako: 8 urte besterik ez dira geratzen. Nafarroa aurrera doa, baina egin beharreko bidea luzea da eta denbora, urria. 
 
● Hurbileko eta ekologikoak diren elikagaien kontsumoak hazten segitzen du. Nafarroa, 39,6 kg-rekin pertsonako eta urteko, laugarrena da produktu ekologikoen eskaeran Komunitate Autonomoen artean.  
 
Nafarroako nekazaritza ekologikoaren azken urteko datuak aurkeztu ditu gaur Mirian Otxotorena CPAEN/NNPEKko presidenteak. Ekitaldian izan dira Itziar Gómez Landa Garapen eta Ingurumen sailburua, Natalia Bellostas INTIAko gerentea eta David Ruiz CPAEN/NNPEK Kontseiluko kidea. Otxotorenak adierazi duenez, Nafarroako sektore ekologikoak eskaintzen dizkigun datuak onak dira eta estatuko zein Europako edo munduko beste zenbait lurraldetan gertatzen denarekin bateragarriak dira. Kontsumoaren hazkundea osasunarekiko eta ingurumenarekiko ardura handiagoari esker gertatzen ari da. Nafarroa, 39,6 kg-rekin pertsonako eta urteko, laugarrena kokatzen da produktu ekologikoen eskaeran Komunitate Autonomoen artean. Honek kontrastea egiten du bere produkzio ekologikoarekin. Bere %7ko ziurtaturiko azalera ekologikoa beste hainbat Komunitate Autonomoren oso atzetik dago, esate baterako Kataluniaren atzetik, %24,8ko azalerarekin ; Andaluzia, %22koa, edo Valentziako edota Balear Komunitateen atzetik, biak %19,6rekin. (Iturria) 
 
Hazkunderanzko joera du, kontutan harturik ekoizpenaren areagotzea eta azken urteetako kontsumoa. Honek aukera ematen digu nekazari, abeltzain eta laborantza sektoreko enpresek ekoizpen ekologikoarekin bat egin dezaten, eta baita bateratze berrien aukera ere.
 
2021eko datuek, joan den urtearekin konparatuz, operadore kopuruaren %6,9ko hazkundea erakusten dute. Osotara, produktu ekologikoen ekoizpenean Nafarroan 503 nekazarik, 70 abeltzainek, 191 enpresa transformatzailek, 46 biltegi-langilek eta 10 inportatzailek  dihardute. 
 
Otxotorenak aipatu du, zorionez, Nafarroa lurralde anitza dela, eta “honek dakar lurraldea modu ugarian erabiltzea, laborantza produktu anitzak jasoz”. Nafarroak egun ekoizpen ekologiko ziurtagiria duten 62.000 hektarea baino gehiago ditu, nafar nekazal lurren %7a izanik. Labore nagusiak hurrengoak dira: Zerealak (4.287 hektarea), mahastiak (1.570 hektarea), olibondoak (868 hektarea) eta barazki freskoak (751 hektarea). Guztira, 2.500 elikagai ziurtatzen dira 35 elikadura sektoretik. 
 
26 urte hauetan, gero eta sektore gehiago hasi dira ekologikoki ekoizten, eta oraindik bertan ordezkatu gabeko sektoreak badira ere, aukera ematen dute trantsizio berrietarako. CPAEN/NNPEK 1996tik Nafarroako elikagai ekologikoak ziurtatzen eta sustatzen aritu da, eta kontrolatzaile lana egiteko eskumena duen bakarra da. 
 
Nafarroak bere ekoizpen ekologikoa handi dezan, bai nekazal azalera ekologikoari dagokionez bai langileei dagokienez, bada egitekorik. Besteen artean: nekazal sektore ekologikoaren pizgarri ekonomikoak handitzea, kontsumitzaileen sentsibilizazioa eta sektorearendako administrazioaren bultzada, hala nola sektore beraren engaiatzea eta egituratzea. 
 
Zentzu horretan, Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak adierazi duenez, “Nafarroako sektore ekologikorako estrategia bat finkatzeko erronka garrantzitsuari aurre egiten ari gatzaizkio”. Estrategia hori Ekoizpen Ekologikoaren 2030eko Planean gauzatuko da. Gainera, merkaturatzeko bide laburren Foru Lege bat iragarri du, nekazaritzako ustiategien titularren eta azken kontsumitzaileen artean elikagaien merkaturatzea erregulatzea eta zuzenean sustatzea helburu duena, eta ekoizpen ekologikorako “oso baliagarria” izango dela esan du. 
 
Bestalde, Natalia Bellostas INTIAko gerenteak adierazi duenez, “Europatik datozen estrategiek planteatzen diguten eskaerari erantzun behar diogu, 2030erako azalera ekologikoaren % 25eko helburua ezartzen duena, baina kontsumitzaileen eskaerari ere erantzun behar diogu, gero eta produktu ekologiko gehiago eskatzen baitute; horretarako, INTIAk aholkularitza ekologikoa birdefinitu du, ekoizle gehiagorengana iristeko eta zerbitzu hobea emateko”.
 
NAFARROAKO AZOKA EKOLOGIKOA ETA EKOMERKATUA
CPAEN/NNPEKk 2022an sektorearen sustapenerako lanetan jarduten segituko du, EKOmerkatua bezalako ekitaldi garrantzitsuekin, VII. Nafarroako Azoka Ekologikoarekin, sentsibilizazio tailerrekin edo estatuko azoketan presentzia bermatuz. EKOmerkatuak bi urte egin ditu ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bilgune bezala Iruñeko erdigunean, honetatik 40 ekoizle baino gehiago iragan direlarik. VII. Nafarroako Azoka Ekologikoa aurten ospatuko da, irailean, 16, 17 eta 18ko asteburuan, Noaingo Zentzumenen Parkean. Iazko arrakasta gailendu nahi du ekitaldiak. 
 
PROIEKTUAK
Urte honetarako, lanak aurrera jarraitzen du arbendolen sektore ekologikoaren egituraketa bezalako proiektuetan. Proiektu honen erdigunean:  fruituaren oskol-kentze prozesua, ekoizpenaren mozkinak areagotzeko, INTIAk, Bardea Olioarekin, Frutos Secos Naturalesekin eta CPAEN/NNPEKekin koordinatuta. 93 ekoizlek arbendola ekologikoak ekoizten dituzte Nafarroan eta almendra ekoizpena atsedenik gabe gora egiten ari da azken urteetan. Egiazki, 2018tik bikoiztu egin da, egun 435 hektarea izanik. CPAEN/NNPEKrendako, proiektuaren arrakasta datza iniziatibarekin ahalik eta almendra ekoizle gehienek bat egitean.
 
Zunbeltz proiektuak, Nekazaritzako lehen Test Guneak, Andia Mankomunitateko pertsonek  abeltzaintza ekologikoarekin engaiatzekoa, belaunaldi-aldaketa faltari erantzun nahi dio. Izan ere, nekazal arloan belaunaldi zaharrek berriei lekukoaren igarotze falta erronka nagusietakoa dugu elikadura sistema jasangarria eta birlokalizatua sustatzeko. Nafarroan, azken nekazal erroldaren arabera, ustiategien kopuruak %62 behera egin du azken 30 urteetan. Eta abeltzaintza ustiategien %1ak baino gutxiagok dute ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria; orotara, Nafarroan 70 abeltzain daude. Proiektua Andia Mankomunitateak koordinatua dago eta NUPek eta CPAEN/NNPEKk parte hartzen dute giza erakunde bezala. 
CPAEN/NNPEK Kontseiluko David Ruizek adierazi duenez, gaur egun sei proiektu aurkeztu dira, Guesalaz, Lezaun eta Deierritik datozenak eta nekazaritza test gunean parte hartu nahi dutenak. Gainera. CPAEN/NNPEKk merkatu-hutsuneen eta etorkizuneko testerrentzako merkaturatze-aukeren azterketa egin du.
 
Jantoki kolektiboei dagokienez, duela urte batzuk pentsaezina zirudiena orain errealitate bihurtu da. Sortu eta 6 urtera, dagoeneko elikagai ekologikoekin 12.000 menu egunero ematea lortu da Nafarroako 55 ikastetxetan, sektore ekologikoan gutxienez 650.000 € ko eraginarekin. Aurten CPAEN/NNPEKk berriz sinatu du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin hitzarmena, jantoki kolektiboetan elikagai ekologikoen erosketa bultzatzen jarraitzeko.
Ruizek adierazi duenez, urte hauetan guztietan, “Nafarroa erreferentziazko lurralde bihurtu da errestaurazio osasungarri eta jasangarriaren bultzadari dagokionez, tokiko elikagai ekologikoekin eta lehen sektoreak hornitutakoekin".

Bilatu

Kategoria zabalduenak

Artikuluak dataren arabera

Buletina

Izena eman!

Harpidetu!

Ez galdu azken istorio eta promozioak

jakin nork sortzen duen ECO

Guztia ziurtagiri ekologikoari buruz

Jarraitu gaitzazu!

Egunean egoteko

Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org