Elikagai ekologikoen azoka, eko-gune gastronomikoa, mahai-ingurua, abeltzaintza erakusketa, musika eta animazioak egon dira Noaingo Zentzumenen Parkean. Irailaren 16an, ostirala, arratsaldez hasi eta igande eguerdira arte, milaka pertsona bertaratu dira parkera, ekoizleak gertutik ezagutzeko, jardueretan parte hartzeko eta elikagai ekologikoak hartu eta dastatzeko Geltokik kudeatzen duen gune gastronomikoan, edota abeltzaintzako erakusketa bisitatzeko Xuberoa Baserrik eskolaren eskutik.
Eguraldia lagun izan da asteburu osoan, eta, iazkoaren aldean, gora egin du salmentak bezalako bisitarien kopuruak; izan ere, atzo eguerdian ateak itxi baino lehen, elikagai batzuk agortzear zeuden. Bai kontsumitzaileek bai ekoizleek azpimarratu dute parkea ingurune ezin egokiagoa dela ekitaldi mota horretarako, aire zabalean, eta espazio handiak dituela era guztietako jarduerak antolatzeko. Edizio honetan, familien joan-etorria nabarmendu da batez ere.
CPAEN/NNPEKk azokak izan duen harrera positibotzat jo du. Sektore ekologikoaren ahalegina da, eta zuzeneko salmentaren alde egiten jarraitzen du, ekoizleen eta herritarren arteko topaketaren alde. Edizio honetan, berrikuntza nagusia larunbatean egin zen mahai-ingurua izan da. Aurten elikagai ekologikoez gozatzeaz gain, nekazaritza ekologikoaren etorkizunaz eta trantsizio agroekologikoaz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta esperientziak partekatzeko gune bat sortu nahi izan da. Bertan parte hartu zuten Arreako Ester Monterok, Subbética Ecologikoko Arratek, Hazialdeko elkarteko David Ruizek eta BLEko (Biharko Lurraren Elkartea) Thomas Erguy. Eztabaida aberasgarria sortu zen sektore ekologikoaren lankidetzari eta egituraketari buruz.
Mirian Otxotorena CPAEN/NNPEKeko presidenteak eskerrak eman dizkie azokara hurbildu diren pertsona guztiei, bai kontsumitzaileei, bai jendeari elikagaiak erakusten aritu diren enpresa eta ekoizleei. Era berean, CPAEN/NNPEKek Noaingo Udalari espresuki eskertzen dio Noaingo Zentzumenen Parkean Nafarroako VII Azoka Ekologikoa egiteko prestasuna eta lankidetza, bai eta asteburu honetan jende askok gozatu ahal izan duen lorezaintza ekologikoaren aldeko apustua ere.
Azoka hondakinik gabeko ekitaldi bat izan da, ahalik eta hondakin gutxien sortu da, eta, gainera, elikagaiak alferrik ez galtzeko neurriak hartu dira. Horren adibide da gune gastronomikoan pertsona guztientzako doako ura duen ur-taberna. Horrez gain, Geltokik kudeatzen duen gune gastronomikoa azpimarratu behar da, bertan azokako ekoizleen produktuak dastatzeko aukera baitzegoen.
Asteburuko datuak
Aurten azokak 30 enpresa erakusketari izan ditu, 23 Nafarroakoak eta 7 Nafarroatik kanpokoak.
Jarduera paraleloei dagokienez, bai haurrentzako jarduerak bai helduentzako jarduerak jende ugarirekin eta giro onarekin egin dira. Tailer guztiak bete dira, eta Geltokik antolatutako dastatzeak nabarmendu dituzte; animazioari, DJei eta kontzertuei dagokienez, programa oso erakargarria izan da, eta, horren ondorioz, ekitaldia, erosteko lekua izateaz gain, ikasteko eta gozatzeko leku egokia ere bihurtu da, elikagai ekologikoak eta iraunkortasuna ardatz hartuta.