Asteburu honetan, Nafarroako Azoka Ekologikoaren V. edizioa egin da. Hiru egunetan, produktu ekologikoen 30 postu baino gehiago izan dira, eta jende guztiarentzako jarduerak. 2.300 pertsona hurbildu dira hitzordura, ohi baino heren bat gutxiago, osasun arloko prebentzio neurriak direla eta.
CPAEN/NNPEKk azokak izan duen harreraren balorazio positiboa egin du. Sektore ekologikoaren esfortsua da, zuzeneko salmentaren alde egiten jarraitzen duena, eta egungo testuinguruan merkatuak zein azokak egiten jarraitzeko beharra mahai gainean jarri du, segurtasun- eta prebentzio-neurriak betez.
Nabarmentzekoa da, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko talde politikoek ostiralean egin zuten bisita gidatua, Itziar Gómez kontseilariarekin eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin batera; eta modu partikularrean joan zirenak, hala nola Maria Chivite presidentea edo Mikel Irujo Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia.
Nafarroako Azoka Ekologikoa arrakastaz ospatu da asteburu honetan, elikagai ekologikoen merkatuak eta azokak segurtasun-neurri guztiak betez egiten jarraitzeko beharra erakutsiz. Sektore ekologikoak ahalegin handia egin du bere ekoizpenarekin aurrera egiteko, eta harrera ona izan du kontsumitzaileen aldetik, produktu eta elikagai ekologikoak erostera hurbildu baitira Iruñeko Autobus Geltoki Zaharreko nasetako 31 postuetara.
Nafarroako sektore ekologikoaren egoera eta beharrak azaldu zituzten Edorta Lezaun CPAEN/NNPEKeko presidenteak, Silvia Larrañeta CPAEN/NNPEKeko teknikariarekin eta Miriam Otxotorena gazta ekologikoaren ekoizlearekin batera, Parlamentuko taldeek ostiralean Nafarroako Azoka Ekologikora egin zuten bisitan. Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea ere bertan izan ziren. Nafarroan nekazaritza ekologikoan 84.000 ha baino gehiago eta 1.300 elikagai ekologiko baino gehiago dituzten 684 operadore daudela jakitera eman zen.
Gainera, “Baserritik mahaira” Europako estrategia berriaz hitz egin zuten, Europar Batasuneko azalera ekologikoa 2030ean %25ekoa izatea bilatzen baitu; horretarako, bide luzea egin behar da Nafarroan, gaur egun %6,5ekoa baita. CPAEN/NNPEKek politikariekin izandako topaketa, modu formalean zein informalean, haiekin eztabaidatzeko, ideia berriak mahai gainean jartzeko eta ekoizpen ekologikoaren aldeko apustua egiteko lankidetza-bide berriak ezartzeko aukera gisa baloratu du.
Edorta Lezaunek, gainera, eskerrak eman dizkie "azokara hurbildu diren guztiei, bai kontsumitzaileei, bai jendeari elikagaiak erakusten aritu diren enpresa eta ekoizleei". Azoka garrantzitsua da, ekoizten dena bertatik bertara erakutsi ahal izatea dakarrelako, baina baita nork eta nola ekoizten duen ere. Alderdi horiek oso garrantzitsuak dira nekazaritza ekologikoari, iraunkortasunari eta elikagai ekologikoen sustapenari dagokienez. Ekitaldi finkatua, bai ekoizleentzat, bai kontsumitzaileentzat, tokiko ekoizpen ekologikoa sustatzeko eta elkartzeko gune gisa.
Azokaren datuak
Aurten, 31 enpresa erakusketari izan ditu azokak, ia guztiak Nafarroakoak, baina Errioxa, Aragoi, Alacant, Madril eta Kataluniako stand-ak ere izan dira, eta horrek ere balio izan du ekoizpen-etxe horiekin harreman zuzenagoa izateko eta merkataritza-harremanak ezartzeko.
Nafarroako V. Azoka Ekologikoan 2.300 pertsona baino gehiago joan dira, aurreko azoken herena. Izan ere, une batzuetan ilarak sortu dira sarbideetan, edukiera eta urruntze kontrolak direla eta. Segurtasuna izan da azoka honen funtsezko alderdietako bat.
Jarduera paraleloei dagokienez, bai haurrentzat bai helduentzat, jende ugari Bildu da eta giro ona izan da. Hitzaldiak, kontzertuak, DJ saioak eta tailerrak programaren erakargarriak izan dira, eta, horri esker, azoka, erosteko leku izateaz gain, ikasteko eta gozatzeko leku aproposa bihurtzen da, ekologia eta jasangarritasuna ardatz direla.
Hurrengo hitzordua: EKOmerkatua
Aurtengo Azoka amaitu ondoren, EKOmerkatua dator berriro, hileko lehen larunbatean Nafarroako nekazaritza ekologikoko ekoizpena Iruñeko Autobus Geltoki Zaharreko nasetara ekartzen duen hitzordua. Urriaren 3an izango da, 09:30etik 14:00etara. Aurreko ostegunean, urriaren 1ean, EKOtopaketa egingo da, sukaldaritzako eskola magistral batekin eta ondorengo afari batekin. Oraingo honetan, Baserriberriko Luken Vigo eta Iñaki Andradas sukaldariek hartuko dute parte, Koldo García Geltokiko sukaldariarekin elkarlanean.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org