Berriro erasotu du Borraja Komandoak. Nekazaritza ekologikoa sustatzeko helburuarekin, gaur goizean NNPEK-ko Borraja Komandoak (talde iraultzailea, ekologikoa eta barazkizalea) Zangozan lorategi bat erasotu du eta baratz ekologikoan bihurtu du. Hain zuzen ere, ekintza Zangozako San Vicente Paul erresidentziaren lorategian izan da.
NNPEK-ren ekimenak Zangozako Udalaren, San Vicente Paul zahar etxearen eta hainbat boluntarioren laguntza izan du. Era berean, lorategian landatu diren barazki guztak Paris 365 elkarteak jasoko ditu. Denera, dozena bat pertsona inguruk, aurpegiak estalirik eta aitzurrekin eta borondate onarekin, aurrera eraman dute ekintza gaur goizean, zahar etxeko erabiltzaileak harritzen. Haiek zainduko dute baratza hemendik aurrera. Helburua: nekazaritza ekologikoa sustatzen duen ekintza honen parte izatea eta herritarrak sentsibilizatzea.
Gaur egindako ekintza LORATEGIARI ERASO dinamikaren baitan kokatzen da. Hain justu, lehen erasoak Ama Lurraren Munduko Egunarekin bat egin zuen apirilean, Tuteran, eta ekainean, berriz, Lizarrako txanda izan zen, Ingurumenaren Munduko Eguna zela eta. Oraingoan, Zangozaren txanda izan da.
Borraja Komandoak koordinatu du erasoa, buruan Borraja Komandantea zegoelarik; NNPEK-ren talde iraultzailea, ekologikoa eta barazkizaleak ezustean Nafarroako hiri eta herrietako erabiltzen ez diren lorategiak erasotzen ditu eta baratz eder eta ekologikoetan bihurtzen ditu, bertako bizilagunei aukera emanez sortu berri den baratza zaintzeko eta bertako barazkiak jasotzeko.
Ekimen honen bidez baratz ekologiko eder bat eskaini zaie herritarrei, haiek beraiek zaintzeko eta momentu egokian barazkiak biltzeko. Besteak beste, letxugak, eskarolak, usain belarrak, txikoriak, zerbak... erein dira.
Erabilerarik ez zuen espazio bat bizitza emanez eta baratz eder eta ekologiko bat sortuz, Borraja Komandoak herritar guztak animatu nahi izan ditu ekimenarekin bat egitera eta baratza zaintzera eta erabiltzera. «Ingurumenarekin konpromettuak gauden pertsonak gara, eta mundu baten alde egin nahi dugu. Produktu ekologikoak maite ditugu eta horregatk jakinarazten dizuegu Nafarroako hiri eta herriak erasotuko ditugula, ez gaitu ezerk geldituko. Gune publikoak, lorategiak, parterreak eta erdibitzaileak erasotuko ditugu eta baratz ekologikoetan bihurtu», adierazi du Borraja Komandanteak.
Horretaz gain, Borraja Komandoak jakinarazi du laster horrelako ekimen gehiago aurrera eramango direla Nafarroako beste hiri eta herri batzuetan. Kontuz ibili!
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org