Nafarroako Emakume Ekoizleak eta eragile lokalak elikadura burujabetzaren alde elkarturik

El pasado día 13 de junio se celebró en el Parlamento de Navarra una sesión de encuentro del proceso “Hacia una gobernanza local y transformadora en clave de soberanía alimentaria e igualdad de género” organizado por Fundación Mundubat, Mugarik Gabe Nafarroa y Fundación IPES, con la colaboración del Parlamento de Navarra y enmarcado en un proyecto de sensibilización financiado por Gobierno de Navarra.

Elkarbanatu

Elkarbanatu

Joan den ekainaren 13an, Nafarroako Parlamentuaren laguntzarekin eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako sentsibilizazio proiektuaren baitan,  Mundubat Fundazioa, Mugarik Gabe Nafarroa eta IPES Fundazioak antolatutako “Gobernantza lokal eta eraldatzailea elikadura burujabetza eta genero berdintasun gakoekin” prozesuaren bukaerako saioa egin zen Nafarroako Parlamentuan. Prozesu hau Nafarroako bost merindadeetan burutu da sei hilabeteetan zehar, eta herri eta bailara askotako emakume ekoizleek, maila lokaleko instituzioek (hala nola udaletxeak edo landa garapen agentziak) eta gizarte mugimenduetako eragileek parte hartu dute. Besteen artean ondoko herrietako jendeak parte hartu du: Tutera, Argedas, Tafalla, Erriberri, Berbintzana, Lizarra, Deierriko bailara, Amezkoak, Iruñea, Baztan, Leitza, Sakana, Zangotza, Otsagi, Irunberri...

Saio honetan lehen eskutik ezagutu ahal izan genuen Nafarroako emakume ekoizleen egoera nolakoa den eta zein diren beraien eskariak, baita eskualde bakoitzean maila lokalean martxan dauden zenbait ekimen ere.

Emakume ekoizleen ahotsa

Lehenik eta behin, Ester Monterok prozesuan zehar bost merindadeetako emakume ekoizleekin egindako lan saioetatik ateratako dokumentua aurkeztu zen: “Emakume ekoizleak eta elikadura burujabetza Nafarroan, generoaren ikuspegitik”. Ondoren, prozesuan parte hartu duten emakumeen izenean, Gotzone Sestorainek hartu zuen hitza, eta landa inguruneko emakume ekoizleek bizi duten egoera latza eta kolektiboaren eskaera premiazkoenak azaldu zituen.

Leitzako ekoizle den Sestorainek lurraldeari lotutako tokian tokiko ekoizpen txiki-ertainek bizi duten egoera salatu zuen, ez gizarteak ez administrazioak ez baitu beren lana ezagutu eta baloratzen; administrazioak ito egiten ditu gehiegizko paper eta burokrazia konplexuekin; politikaren joan etorriak diru-laguntzen menpeko egin ditu eta ez dago beraien neurriko esplotazioei egokituriko inolako legedirik. Honek guztiak zorpetzea eta lan karga izugarria bizkarreratzea ekarri du, ondoko ondorioekin: lehena, estres ikaragarria eta osasun arazoak eta bigarrena, nekazari txikiak lanbidea uztea.

 

Orain arteko politika hauen ondorioz, Nafarroan geneukan nekazaritza aberatsa eta anitza desagertzen ari da eta landa eremuak berez zuen egiteko nagusia, hots,  herritarrak elikatzea, galtzen ari da.

 

Emakume ekoizleen ordezkariak gehitu zuen sektoreak bizi dituen zailtasun orokor horiez gainera, emakume hauek oso inguru maskulino eta matxistan bizi direla eta berek egindako lana ez dela baloratua, ezta aintzat hartua ere. Gehienetan ez dira existitzen. Ezikusiak dira.

 

Honen aurrean, ekoizpen ereduaren aldaketa beharrezkoa dela azpimarratu zuten, eta administrazioari  eskatu zioten elikadura burujabetza eta sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki jasangarria den nekazaritza baten aldeko apustu sendo eta irmoa egin dezan. Ildo horretan,  ekintza zehatz batzuetarako proposamenak ekarri zituzten, sei puntutan banatuta: haziak, lurra, diru-laguntza publikoak, salmenta zuzena eta zirkuitu motzeko komertzializazioa, hezkuntza eta zerbitzu publikoak.

 

Elikadura gobernantzarako politika publiko berriak

 

Saioaren bigarren atalean, merindade bakoitzeko ordezkariek beren eskualdean elikadura gobernantza lokalaren inguruan ematen ari diren pausuak azaldu zituzten. Gainera, gaiaren inguruan egindako sentsibilizazio prozesua azpimarratu zuten, zeinak zonalde bakoitzean hilabete oso batean zehar lan egitea ahalbidetu duen.

 

Tuterako merindadetik Olga Risueño (Erriberako hiriburuko zinegotzia), Santi Cordón (Mascotas Verdes fundazioa) eta Diego Blancok (Helianto kolektiboa) hiri baratzak, baratza sozialak eta eskola baratzeen inguruan egiten ari diren lana azaldu zuten.

 

Pedro Leraltak (Tafallako zinegotzia) Erriberriko merindadearen izenean bertako ekoizpenak indartzeko zenbait egitasmo kontatu zituen, eta AHT-aren gisako megaproiektuek eragiten dituzten ondorioen aurrean dituzten kezkak azaldu zituen, agroindustriaren eraginekin batera gizarte loturak hausten baititu.

 

Lizarrako merindadetik, Lizarra bertako zinegotzi den Emma Ruizek elikadura politiken inguruko zenbait ekimen aipatu zituen, eta bereziki, bertako produktuen merkatu berria sortzeko egitasmoa azaldu zuen.

 

Imanol Iberok, Aibarko ekoizlea eta EHNE Nafarroako lehendakaria, sektoreak orokorrean bizi duen krisiaz hitz egin zuen, eta Zangotzako merindadeko ekoizle bezala, bereziki salatu zuen merindadeak eta bere baitan biltzen dituen Pirinioetako bailarak bizi duten egoera hauskorra, eta lurralde hauen defentsa aktibo baten beharra azpimarratu zuen.

 

Azkenik, Iruñeako merindadearen izenean, Patricia Perales (Iruñeako zinegotzia) eta Joseba Otondok (Baztango alkatea) elikadura gobernantzaren inguruan emandako aurrerapausoez hitz egin zuten. Iruñeako kasuan, gune hiritar bat izanik, ekimenik aipagarriena Milango Itunarekin hartutako konpromisoa da, eta horren baitan martxan jarri diren zenbait ekimen, hala nola haur eskoletako menuak aldatzea produktu freskoa, lokala, ekologikoa eta garaikoa sartuz edo Geltoki proiektua. Otondok berriz, Baztan bezalako landa inguruneetan lantzen ari dituzten zenbait gai azaldu zituen, adibidez lur komunalen kudeaketa, zonaldeko ekoizleak indartzea “Baztango Zaporeak” bezalako markak sortuz edo agroekologia sustatzea hezkuntzaren bidez.  

 

Saioaren bukaeran mokadu bat jateko aukera egon zen, eta parte hartzaile guztiek argazkia atera zuten. Saio honek 2016ko otsailean Elikadura Burujabetzaren inguruko Parlamentu Irekian ditu aurrekariak.

 

2017ko ekainaren 13an Parlamentuan elikadura burujabetzari buruz egindako saio honetan modu argian ikusi da, alde batetik, nekazaritza txikiak (elikadura osasuntsuarekin eta ingurunearen zainketarekin jasangarria eta arduratsua den hori hain zuzen ere) bizi duen egoera larria, eta bestetik, landa eremuaren eta hiriaren arteko aliantzak geroz eta indar handiagoa duela, eta elikadura burujabetza eta politika publiko berriek elikadura erdigunean jarri nahi dutela, lehen sektorearen egoera hobetuz eredu bidezkoagoak, jasangarriagoak eta genero ikuspegia dutenak indartuz.

 

 

Sinatzen dute: Mundubat Fundazioa, Mugarik Gabe Nafarroa eta IPES Fundazioa

 

àEkitaldiko bideoa: http://www.parlamentodenavarra.es/es/videoteca/debate-hacia-una-gobernanza-local-y-transformadora-en-clave-de-soberan%C3%ADa-alimentaria-e

àProzesu guztiaren informazioa: http://www.mundubat.org/tag/gobernanza-alimentaria-2017/

Bilatu

Kategoria zabalduenak

Artikuluak dataren arabera

Buletina

Izena eman!

Harpidetu!

Ez galdu azken istorio eta promozioak

jakin nork sortzen duen ECO

Guztia ziurtagiri ekologikoari buruz

Jarraitu gaitzazu!

Egunean egoteko

Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org