Pepe Salcedo
Navarrico kontserbak
“Ekologikoa izatea lana baino gehiago da, gure izaera da”
Pepe Salcedoren familia 1960. urtean hasi zen San Adriango etxabe batean zainzuriak eta pikillo piperrak ontziratzen modu artesanalean. 50 urte eta gero, El Navarrico kontserbak 300 produktu baino gehiago ekoizten ditu, horietako asko ekologikoak direlarik. Pepe Salcedo enpresako zuzendari orokorra da eta aitortu duenez, ekoizpen ekologikoa gero eta garrantzitsuagoa da. Elikagai ekologikoak saltzeko online bidezko webgunea estreinatu berri dute: www.monjardinorganic.com.
Nola jaio zen familia enpresa hau?
Nire gurasoek sortu zuten enpresa haien etxeko etxabean, herriko jendeari boteak ontziratzen. Jendeak kontserbak egiten zituen etxean eta hona etortzen ziren ixtera. Gutxika-gutxika, zainzuriak eta piperrak hasi ziren ontziratzen. Urte batzuk pasa eta gero fabrika eraiki zuten eta hazten joan gara. Familia enpresa bat da eta betiko kontserbak ekoizten ditugu, hala nola, zainzuria eta tomatea. Gaur egun, gama konbentzionalean eta ekologikoan ditugu produktuak. Guztira, 300 bat erreferentzia. 40 pertsona inguru ari gara lanean enpresan, baina denboraldi eta kanpaina batzuetan bikoiztu dezakegu 80 langile iritsira arte.
Noiz hasi zineten elikagai ekologikoak ekoizten?
1998. urtean tomate eta piper ekologikoarekin hasi ginen. Urtez urte produktu gehiago egin ditugu. 2003. urtean marka oso bat sortu genuen elikagai ekologikoentzat. Monjardin izena du markak. Adibidez, 2016ko gure fakturazioaren %36 produktu ekologikoena izan zen. Kopuru garrantzitsua da eta pozik gaude.
Zergatik egin zenuten elikagai ekologikoen aldeko apustua?
Guretzat ez zen batere zaila izan. Jatorrizko izendapenarekin ari ginen lanean, delicatessen merkatuan eta gure lan egiteko era oso tradizionala eta artesanala da. Hortaz, ekologikorako jauzia nahiko erraz egin genuen. Urte horietan, mundu guztiak esaten zuen ekologikoaren boom-a iritsiko zela, baina inoiz ez zen iristen. Gaur egun esan dezakegu iritsi dela eta geratzeko iritsi dela. Urte asko pasa dira eta saltoki handiek eta banatzaileek bat egin ez duten arte ez da etorri leherketa hau. Guk betidanik lan egin dugu era artesanalean eta ohituta gaude gehigarri eta kontserbagarriekin lan ez egitera. Horixe baita enpresaren arima eta filosofia eta bat egiten dugu ekologikoaren filosofiarekin. Ekologikoa izatea lana baino gehiago da, gure izaera da.
Gero eta garrantzi gehiago du sektore ekologikoak?
Bai, gero eta mugimendu gehiago daude. Orain lanean ari gara online bidezko salmentarekin Espainia osotik eta mundu osotik gure produktuak erosteko aukera izateko. www.monjardinorganic.com webgunea estreinatu dugu, gure produktu ekologikoen webgunea.
Zeintzuk dira gehien saltzen dituzuen produktuak ekologikoan?
Lekaleak, eta horien artean, txitxirioa. Tomatea ere asko saltzen da. Berrikuntzak egitea gustatzen zaigu. Adibidez, orain dela gutxi egin dugu ketchup saltsa ekologikoa eta hemendik gutxira beste produktu ez hain ohikoak merkaturatuko ditugu. Gure produktuak kalitatezkoak, desberdinduak eta ongi tratatuak dira. Horixe da gure marka. Gure enpresan gehiago begiratzen diogu kalitateari eta ez hainbeste prezioari.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org