Nafarroako Elikagai Artisauen Elkartearen eta Herri Sanferminen eskutik, elikadura ekologikoa presente egonen da aurtengo sanferminetan hainbat gunetan. Helburua Nafarroako jaki ekologikoen erakusleihoa izatea da, kalitatezko produktuak sustatuz eta eskainiz. Posible delako sanferminetan disfrutatzea eta, era berean, elikagai ekologikoak kontsumitzea, tokian tokiko produktoreei bultzada emanez eta planetaren iraunkortasunari lagunduz. Modu honetan ere, kontzientzia sozial eta ekologikoari laguntzen zaio.
Aurten, Herri Sanferminak txozna bat jarriko du O plazan, eta bertan, besteak beste, kilometro zeroko elikagaiak eta elikagai ekologikoa eskainiko dituzte. Uztailaren 6tik eta 14ra arte, hamaiketakoak, eguneko menua eta bokatak eta pintxoak izanen dituzte bertan. Antolatzaileek adierazi dutenez, eguneko menuan izanen dira elikagai ekologiko gehien, haragi eta barazki gehienak Nafarroako ekoizle ekologikoenak izanen baitira. Joan den urtean bezala, Herri Sanferminak elikagai osasuntsuen alde eta ekologikoen alde egin du, hurbilekoak eta sasoikoak.
Bestalde, Carlos III. Etorbidean, Orreaga kalearen ondoan (Entzierroaren monumentua) Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak bi gune izanen ditu jaki ekologikoak erosteko eta dastatzeko. Hain zuzen ere, taberna moduan funtzionatuko du gune bat eta bestea, berriz, denda bezala. Uztailaren 5etik aurrera eta uztailaren 14ra arte irekita egonen da, goizeko zortzietatik gaueko hamabiak arte. Bertan, besteak beste, Lezaun upeltegiko ardo ekologikoa, Jauregiako gazta, El Bordongo txorizo ekologikoa, Urrutiako pastak eta La Churtako kontserba ekologikoak egonen dira.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org