Nafarroako lurralde ekologikoa zabala eta askotarikoa da, 70.351 hektarea baratze, larre, lehorreko labore, olibadi edo mahastiz betea, besteak beste. Eremu horretan, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan aritzen diren pertsonek beren jarduera garatzen dute, basa-biodibertsitatea hobetzen duten paisaiak eratuz eta ingurumenean duten eragin negatiboa minimizatuz, aniztasun eta oreka ekosistemiko handiagoarekin. Lurralde ekologikoa dira, halaber, plater osasungarriak eta iraunkorrak, ekologikoan lan egiten duten saltokiak eta establezimenduak, kontserba-enpresak edo ogi ekologikoaren lantegiak, eta hondakinik gabeko elikagaien aldeko apustua egiten duten kontsumitzaileak. CPAEN/NNPEKk EKOmiradas argazki lehiaketa antolatu du, lurralde ekologikoa protagonista izateko.
Lehiaketa amateurrei zuzenduta dago, eta hortik kanpo geratzen dira argazkigintzako profesionalak. Lehiaketak arreta jarri nahi du nekazaritzan eta abeltzaintza ekologikoan, landa-munduaren garapenean, elikadura osasungarri eta iraunkorrean, biodibertsitatean eta ekosistemetan, merkatu eta saltokietan eta ekoizle eta kontsumitzaileetan. Horiexek baitira parte hartu nahi duten pertsonek garatu beharreko gaiak.
Lehiaketaren dinamika
Argazkiak aurkezteko epea zabalik egongo da 2024ko apirilaren 22tik maiatzaren 22ra. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru irudi aurkeztu ahal izango ditu jpg edo tiff formatuan, A3 tamainan eta 300 ppp-ko bereizmenarekin. Irudi horietan ezin izango da marka komertzialik edo inolako publizitaterik agertu, aurkeztutako argazkiek pertsonak nekazaritza ekologikoaren inguruan oro har sentsibilizatzeko eta sustatzeko balioko baitute. Gainera, debekatuta dago adimen artifiziala erabiltzea.
Lanak posta elektronikoz bidali behar dira cpaen@cpaen.org helbidera, EKOmiradas gaiarekin. Wetransfer, TransferXL edo tamaina handiko fitxategiak bidaltzeko aukera ematen duen edozein tresnaren bidez ere bidal daitezke. Posta horretan, parte hartzen duten pertsonen datuak agertu behar dira (izena, abizenak, NAN, jaiotze-data, udalerria, telefonoa eta posta elektronikoa), baita lanaren izenburua ere, artxiboen izenarekin bat etorri behar duena.
CPAEN/NNPEKeko talde teknikoak eta erakundetik kanpoko komunikazioko bi profesionalek osatutako epaimahaiak erabakiko dituzte argazki irabazleak eta epaia maiatzaren 27an jakinaraziko da.
Sariak eta banaketa ekitaldia
EKOmiradas lehiaketak hiru sari eta bederatzi accesit emango ditu. 250, 125 eta 75 € lehenengo hiru sailkatuentzat eta CPAEN/NNPEKen merchandising lote bat akzesitentzat. Iruñeko Autobus Geltoki Zaharreko erabilera anitzeko aretoan egingo du, ekainaren 1ean, 12: 30ean.
Hautatutako hamabi argazkiak EKOmerkatuan erakusteko inprimatuko dira, eta 2025eko CPAEN/NNPEKen urteko egutegia egiteko erabiliko dira. Era berean, erakundeak antolatzen dituen beste ekitaldi batzuetan ere erabili ahal izango dira.