Baztango harana elikagaien tokiko ekoizpena berreskuratzeko eta sustatzeko proiektuan murgildu da. Helburuak: lana hobetzea, elikaduraren eta hurbileko produktuen garrantziaz , osasunaz eta nekazaritza eta abeltzantza landa pasaia ereduez mintzatzea. Bio-aniztazuna eta tokiko espezieak mantentzea eta ekoizpen eta kontsumoaren arteko harreman zuzenagoa ezartzea. Proiektuaren izena: “Zer Jan Halako Baztán”. Nafarroa Ekologikoa Joseba Otondo, Baztango alkatearekin harremanean jarri da. Otondo ekimenaren gakoetako bat da.
Elkarrizketa: Joseba Otondo, Baztángo alkatea.
Zerk eraman zintuzten Zer Jan Halako Baztan ekimena sortzera?
Helburua herritarrak egunero elikaduraren inguruan hartzen diren erabakiei buruz jabetzea zen eta da. Konkretuki, erabakien eta tokiko elikadura sistemaren arteko harremana ikustaraztea: enpleguratzea eta baserritarren lan baldintzak, kalitatezko jakien ekoizpena eta haien harremana osasunarekin, ingurugiroaren zaintza eta nekazal-abeltzain paisaren erreprodukzioa, bioaniztasuna eta tokiko espezie eta barietateen zaintza, nekazal kulturaren aberastasuna…
Azaldu zenezake, bi esalditan, zertan datzan?
Zer Jan Halako Baztan gure Jaten duguna gara esaldiaren aldaera da, eta hainbat eratan azalerazten da: lehena sentsibilizazio kanpaina da, tokiko produktuen errezeta bilduma berria zabalduz egiten duguna, eta tokiko telebista eta sareetan zabaltzen dena. Errezetekin batera ezagutaraztera ematen da aurretik azaldutakoa eta esparru kontzeptual zabalagoan garatzen da. Elizabeth Santesteban Udal teknikariaren lana goraipatu beharra dago.
Bestalde Zer Jan Halako Baztan bestelako ekimenetarako zubi bihurtu da: eskola jantokiak, herri bazkariak herriko festetan…
Zein ekimen abiatu dira ekintza sustatzeko?
Hasieran, urtaro bakoitzean aurretik azaldutakoaz informatuz eskuorria helarazten zen etxeetara. Material hori Belen Urrutiak, Elbeteko Ostatuko sukaldariak, lagunduta ikus entzunezkoan bihurtzen genuen, Xaloa Telebistan eta Xorroxin Irratian uhin bidez. Azkenean Facebook, Twitter eta Youtubeko kanalera salto egin genuen.
Nolako harrera izan du orain arte Zer Jan Halako Baztan ekimenak baztandarren artean?
Harrera aktiboa izan duela ulertzen dut, gai hauen lotura landa eremuan zuzena delako. Egia da sektorearen gainbeherak eragin duela ikusgarritasun eta presentzia gutxiago izatea. Hala ere bat egiten du egungo korrontearekin, zeinetan nola elikatzen garen geroz eta jende gehiagoren kezka den.
Bailaraz haratago uste duzu iritsi dela ekimena, hala oraindik goiz da horrelako balorazioak egiteko?
Azken urteotan tokiko elikadura sistema bultzatzeko sustatutako ekimen eta proiektuen ondorioz Baztanetik kanpo gonbidatu gaituzte hainbat jardualditara parte hartzera, eta modu beran gaiarekin harremana duten erakunde eta entitatek bisitatu gaituzte gaia ezagutzeko.
Zer nabarmenduko zenuke Baztanek eskaini ditzakeen produktuen artean?
Baztanek produktu aniztasuna eskaintzen du, nahiz eta nekazal-abeltzaintzaren industrializazio eta merkantilizazioarekin asko desagertu diren. Egun, gorakadan doa Euska Txerria. Beste klasikoagoak ere aurki ditzakegu, Pirinioetako behia eta ardi latxaren gazta. Sagardoa eta orain mendiko ardo txuria ere nabarmendu beharrean nago…
Nola uste duzu horrelako ekimenen eragina Baztango elikadura ekoizleekiko?
Erdiko epera begira eta tokiko elikadura-sistema hurbileko espazioetan artikulatzea lortu heinean, ekonomia eta bizimodua birlokalizatzeko testuinguruan beti ere, bestelako komertzio zirkuituak eta ekoizleen ordainsariak bermatzea erraztu beharko lirateke. Horretarako, kontsumitzaileekin aliantzak sortu behar dira, eta honek bestelako ekoizpen ereduak eta gardentasuna eskatzen dute. Guzti horrek orain arte egindakoa berrikustea dakar. Pentsakera aldatu beharko da, gure inguru aldakorrarekiko elkarbizitzaren ondorio izango dena.
Baztango gastronomiak nortasun propioa duela esango zenuke?
Berezko nortasunez mintzatzea gehiegizkoa ikusten dut. Nire ustez gastronomia euskal-atlantikoaren baitan osatzen da. Eta hor da benetan nortasuna eta izaera hartzen duen tokia.
Baztango ostalaritzaz. Tokiko produktua darabil edo holako ekimenen bitartez sustatu nahi da hori?
Segun eta. Askotariko eskarmentua dago. Elbeteko Ostatuak, Slow food-en bazkide izanik eta “km0” bermearekin aurrerapauso handienak eman ditu, hortik aurrera aldakortasun handia dago. Batzuek eskaintzaren eta jatetxearen nortasunaren arabera kalitatezko produktuekin lan egiten dute: behi haragia, sagardoa…
Ze garrantzia ematen zaio eskualdean elikadura ekologikoari?
Oraindik errealitate txikia da eta handitzera jo beharko luke. Val de Drôme bisitatu berri dugu, estatu frantzesean, Biovallée proiektua ezagutzeko eta bertan nekazari eta abeltzainen %38ak ekologikoan lan egiten du. Baztanen 233 profesionaletatik 6-7k egiten dute, baina esparru desberdinetakoak: sagardoa, ardo txuria, esnea eta esnekiak, arrautzak, pirinioetako ahuntz gazta… Laster ardiki eta behiki haragian ere… Etorkizuna, hala ere, argia da: egungo sistema intentsibo, industrial eta produktibista menditik desagertuko da. Etorkizuna bestelako ekoizpen ereduetan oinarritzen da, eta zalantzarik gabe ekologikoak indarra hartuko du. Bestalde, orain eskualdeko lanbide heziketako eskola berriak euskarazko nekazaritza ekologikoko gradua eskaintzeko lanean ari gara, eta herri nekazaritza-ekologikoko eskola sortu da Baztanen…
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org