Zein da zure ibilbide ekologikoa?
Nire aita eta ama nekazaritza ekologikoan aritu dira beti, duela 35 urtetik hona gutxi gorabehera. Nik sei urte daramatzat lurren ardura hartzen, azkenean ni gelditu nintzen lanarekin, herrian bizitzennaizelako. Urte batzuk eman nituen lantegi batean lanean, baina, egia esan, nekatu egin nintzen han lan egiteaz, eta landara itzultzea erabaki nuen. Eta hemen nago. Aire zabalean hobeto lan egiten da, nahiago dut. Patata, babarruna eta txitxirioa landatzen ditugu, eta aurten Zangozako babarrun potxa ere jarriko dut.
Zergatik erabaki zenuen EKOmerkatura joatea?
Iaz 700 kilo txitxirio atera nituen eta ez nekien nola saldu. CPAEN/NNPEKekin harremanetan jarri nintzen eta EKOmerkatuaren bidez saltzeko aukera sortu zen. Eta horrela ateratzen ari naiz. Iruñeko EKOmerkatuaz gain Lizarrako Plazara! -ra ere joaten naiz hilero. Egia esan, pozik nago EKOmerkatuarekin; gustatzen zait eta mugimendua dago, hiriburua da eta oso ondo saltzen dela nabaritzen da. Iruñean garbantzu asko saltzen dut, baita babarruna ere. Egun batean, 12 kilo babarrun eraman eta eskuetatik kendu zizkidaten.
Nola animatuko zenuke produktu ekologikoak kontsumitzera?
Mundu guztia animatuko nuke kontsumo ekologikoa egitera, hobea da eta naturala da. Laboreei pestizida asko botatzen zaie eta ez dira batere osasuntsuak. Nik patatari ez diot ongarririk botatzen, eta ia zerutik erortzen denarekin landatzen da, eta eguzkiarekin, noski. Eguraldiaren eta uraren mende gaude, eta batzuetan urte txarrak izaten dira, baina askoz jasangarriagoa eta osasungarriagoa da. Ekologikoaren alde egin behar da. Egia da gero eta kontzientzia handiagoa dagoela eta oso ondo sustatzen ari dela. Denda askok ere pausua eman dute, eta orain ekologiko gehiago izatera pasatu dira; hori oso ongi dago.