Dokumentu horrek elikagai-galeren kausak eta hauen norakoa aztertzen ditu, bai eta sektoreko eragile nagusiek horien gainean duten pertzepzioa ere; hori guztia, honako helburuekin: landa eremuan gertatzen diren elikagaien galerak murriztu eta elikagaiei balio erantsia emateko proposamenak egitea. Era berean, nekazaritza-ustiategietan zenbateko galerak sortzen ari diren jakiteko hurbilketa bat egin nahi izan da.
Ondorio nagusien artean dugu, inkesta bete duten nekazari gehienentzat (%57), konpondu beharreko arazo garrantzitsua dela. Aldiz, nekazaritza-erakundeei ez zaie garrantzizkoa iruditzen, eta lehen sektoreko beste arazo bat bezala hartzen dute.
Hainbat arrazoirengatik galtzen dira elikagaiak landa-eremuan, eta, kasu askotan, elkarri lotuta daude. Elikagaien galeren zergati nagusiak, gaixotasun eta izurriez gain, honako hauek dira, lehentasun-hurrenkeraren arabera: arrazoi ekonomikoak edo merkatukoak (errentagarritasunik eza, uzta errentagarri ez izatea eragin dezaketen merkatuaren gorabeherak, merkatuak ezartzen dituzten mugak, etab.), arrazoi estetikoak (tamaina, itxura, etab.), eta aurreikusitakoa baino ekoizpen handiagoa izatea, merkatuan lekurik aurkitzen ez duena.
Bildu gabeko produktua, gehienetan, soroan bertan utzi edo zabaltzen da, eta, neurri txikiagoan, abereak elikatzeko erabiltzen da. Azpimarratzekoa da galdetutako nekazarien %30ek elikagaiak ematen dizkiela gizarte-erakundeei. Dokumentua egiteko erabili den metodologia izan da nekazariei eta nekazaritza-entitateei elkarrizketak eta galdetegiak egitea, bai eta 2020ko espigamenduetan bertan neurketa zuzenak egitea ere.
Galeren kuantifikazioa
Kontsultatutako ekoizleei zaila egiten zaie beren soroetako urteko elikagaien galeren estimazioa egitea, oso ezberdina baita urtearen, produktuaren, laborearen egoeren eta uztaren arabera. Ekoizle txikiek estimatutako galerak ia nuluak dira; aldiz, galkorragoak diren eta laborantza-azalera handiagoa duten produktuetan, landa-eremuko galeren estimazioa %25 edo %30era irits daiteke; galera gehien izan dituzten produktu horietako batzuk tomatea, brokolia, zainzuria edo almendrak izan dira.
Erreferentzia gisa, NBEFren datuen arabera, 2019an Nafarroan 995 tona elikagai erretiratu zituzten merkatu-arrazoiengatik. Bestalde, Buruxka proiektuaren baitan, bederatzi espigamendu egin ziren 2020an; guztira, 2.800kg elikagai bildu eta gizarte-erakundeei banatu zitzaizkien. Zazpi elikagai mota bildu ziren (tipula, mahatsa, tomatea, piperra, almendra heldugabeak, sagarra eta borraja), 76 boluntario, 7 gizarte-erakunde hartzaile eta 400 familia baino gehiagorengana iritsi ginen. Kalkulatzen da espigamenduekin 2,01 tona CO2ren isuri eta 1,66 milioi litro ur aurreztu direla.
Elikagaien galerak murrizteko proposamenak
Elikagaiak galtzea eta xahutzea agenda nagusietan jasota dagoen funtsezko gaia da, Europako eta munduko politika markatzen dutenak, hala nola Europan ekonomia zirkularra lortzeko Ekintza-planean edo "Baserritik Mahaira" estrategian. Garapen Jasangarriko Helburuen 12.3 xedeak proposatzen du ekoizpen- eta hornidura-kateetan zehar elikagaien galerak murriztea, bai eta 2030erako elikagaien xahutzea per capita erdira murriztea ere.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen da ildo horretan aurrera egitea, eta dokumentuan jasotzen dira galeren prebentzio-arloetarako gomendioak, produkzioa planifikatuz eta hobetuz, ikerketa sustatuz eta kausei eta irtenbideei buruzko ezagutza sortuz. Gainera, proposatzen dute saihestu ezin izan diren landako galerak birbanatzen laguntzea, zerga-pizgarrien eta dohaintzarako bide iraunkorren bidez, eta baita elikagaien bizitza erabilgarria luzatzea ere, prebenitu edo eman ezin izan diren elikagaien eraldaketa sustatuz, gizarte-ekonomiako erakundeen bidez.
Jasotako proposamenen artean, produktu "itsusiekin" lotutakoak nabarmentzen dira; izan ere, beharrezkotzat jotzen da produktu horiek merkaturatzeko alternatibak bilatzea, bai eta soberakinentzat ere, merkaturatze-zirkuitu laburrak sustatuz eta produktu inperfektuak edo itsusiak balioesteko sentsibilizazio-kanpainak eginez.
Kolaborazioa
Gure jarduerarekin lotura zuzena duenez, garrantzitsua iruditzen zaigu proiektu honetan laguntzen jarraitzea. Horregatik, parte hartzeko eta ekimenaren partaide aktibo izateko hainbat modu proposatzen dizkizugu:
• Estellerrikoa bazara, Ekoizle Aliatu izan zaitezke, hau da, galburuen bilketetan laguntza emanez. Horretarako, honako inprimaki hau betetzea besterik ez duzu eta zurekin harremanetan jarriko dira. https://forms.gle/JpvPoDBSFbbhwpwz6
• Edonongoa zarela ere, lagundu dezakezu landa-eremuan ematen den galerari buruzko ezagutzan sakontzen jarraituz, galdetegi honen bidez: https://forms.gle/wmkYjjVU13LWST8Z7
Eskerrik asko zure laguntzarengatik,