Zergatik erabaki zenuen jarraitzea?
Ni txiki-txikitatik egon naiz hemen, maite ditut mahastiak, maite nuen mahatsa, mahats-zukua eta upategia. Denbora nuenenean beti etortzen nintzen aitarekin hemen lan egitera eta gutxinaka-gutxinaka, hasi nintzen mundu hau ezagutzen. Zergatik? Argi nuen herrian bizi nahi nuela herritik eta herrirako produktuak egiten. Niri mahastiak eta agroekologia gustatu zait betidanik eta bide horretan jarraitzeko asmoa dut.
Zure gurasoek hasi zuten ibilbidea eredu ekologikoan. Zergatik?
Nire gurasoak ekologikoan sartu ziren duela 30 urte, nire gurasoen filosofia izan zen. Nire ama Cascantekoa da eta eta nire aita Irunberrikoa. Haien familiak nekazariak eta abeltzainak izan dira eta ikusi zuten zer gertatzen da lurran produktu kimikoak erabiltzean. Horregatik erabaki zuten dena ekologikoan egitea. Ez zen erraza izan: jendeak ulertzea, abantailak eta desberdintasunak eredu konbentzionalarekin ezagutaraztea… Nafarroako lehen upategi ekologikoa da Aristu.
Zein izan da zure apustua upategian sartu zinenetik?
Egiten duguna orain ez da bakarrik Europak markatzen duen araudi ekologikoa onartzea: pausu bat harago joaten gara eta muturrera eramaten dugu. Agroekologia irizpideak erabiltzen ditugu gure egunerokoan: ez ditugu tratamendurik egiten, kubierta begetala uzten dugu, intsektuak egotea sustatzen dugu ekosistema hobetzeko, ilargiaren egutegia jarraitzen dugu eta upategi arloan, sulfitorik gabe egiten hasi gara. Ez ditugu ez klarifikatzen, ez filtratzen ere.
Beti hobetzen saiatzen gara, gure produktua eta ardoa ezagutzeko. Ardoa produktu bizi bat da eta maitatu eta zaindu behar dugu.
Nola saltzen duzue ardoa?
Lehen kasik erdia baino gehiago esportazioa zen eta orain erdia baino gehiago Nafarroa eta Euskal Herria mailan saltzen dugu. Aldaketa handia izan da eta baita ere gure apustua.
Europako iparraldean beti harrera ona izan dugu, eta bertan oso ongi baloratzen da ardoa. Nafarroan gehiago kostatu da; ez dago hainbesteko ardo kulturarik. Upategian hasi nintzenean nire lagunek ez zuten ardo beltza edaten. Eta horregatik hasi nintzen pentsatzen ardoa egin behar nuela nire lagunentzat eta herriarentzat. Filosofia hori jarraitu dugu. Gu ere bagara Biba Ardoak kooperatibaren parte eta horren bitartez asko saltzen dugu Euskal Herria mailan.
Horrez gain, Irunberri herri txikia da, negozio askorekin. Nire bizilagunari zerbait erosten badiot, badakit herrian geratuko dela. Eta horregatik ematen diogu garrantzia hemen saltzeari.
Askok ez zuten ezagutzen ez gure ardoa ezta upategia ere, eta eskertzen da. Horregatik nago hemen eta ez fabrika batean. Gauza horiek ez dira materialki ordaintzen.
Zein da zuen filosofia?
Ardo bakoitzak badu istorio bat, eta badu zerikusia Irunberri eta familiarekin. Saiatzen naiz emozioa ematen ardoei eta horrek balore erantsia ematen dio, istorio bat kontatzen dugulako ardo bakoitzean.
Aitatxiren omenez ardo bat egin genuen, adibidez. Aitonari hasieran kostatu zitzaion ekologikoa onartzea, baina behin ezagututa, esan zigun ‘segi bide horretatik’. Konturatu zen bizitza gehiago zegoela mahastietan eredu ekologikoan.
Horregatik saiatzen gara ere ekologikoak ez diren beste nekazariei gure ereduaren onurez hitz egiten, esaten laguntzak daudela, etorkizuna ekologikoa dela eta bide horretan joan behar dugula.