Heldu den asteburuan transgenikoak protagonistak izanen dira Mendigorrian eta Iruñean ospatuko diren jardunaldi batzuetan. Hain zuzen ere, martxoaren 23an eta 24ean izanen dira transgenikoen inguruan gogoeta bultzatzeko jardunaldiak Mendigorrian eta Iruñean, hurrenez hurren,. NNPEKk, Nafarroa Transgenikorik Gabe Plataformak eta La Fertilidad de la Tierrak elkarlanean antolatu dituzte jardunaldiak.
Mendigorrian hasiko dira jardunaldiak martxoaren 23an eta bertan laborantza transgenikoari buruzko ikuspegi kritiko bat jorratuko da. Joserra Olarieta eta Juan Jóse Mallen adituek parte hartuko dute. Olarieta Nekazal ingeniaria da eta Lleidako Unibertsitateko Edafologia irakaslea. Horrez gain, “Som lo que Sembren” plataformako kidea. Labore transgenikoei ezetz esateko arrazoien inguruan jardungo da. Edafologia irakaslearen ustez “alternatiba askoz errazagoak daude hainbat arazoei aurre egiteko transgenikoengana jo gabe”, eta osasunean, ingurumenean eta nekazaritzan sortzen transgenikoek sortzen dituzten arazoak izanen ditu hizpide. Mendigorriako Liburutegian izanen da hitzordua 18:00etan.
Bestalde, 18:45etan Juan José Mallen Amigos del maíz de consumo humano y semilla alfalfa Aragón elkarteko kideak hitza hartuko du. Aragoiko hainbat eskualdetan arto ez transgenikoen laboreekin egindako 12 urteko entseguen ondorioez hitz eginen du. Mallenek dio giza kontsumoarentzat bideratutako arto ekoizpenak ekoizleen diru-sarreren gorakada eragiten duela. Halaber, bere ustez ezin da elkarbizitza bermatu arto transgenikoekin loraketa hasten denean. Bi hizlarien azalpenaren ondoren, galderentzat denbora egonen da.
Bestetik, martxoaren 24ean, larunbatarekin, Iruñean ospatuko dira jardunaldiak eta Kondestable Civivoxean izanen dira jardunaldiak. Bertan aurkeztuko da Joserra Olarietaren Transgénicos, ¿de verdad son seguros y necesarios? Evidencias científicas que llaman al principio de precaución liburua. Egileaz gain, bertan izanen dira Fernando López Fertilidad de la Tierra aldizkariko editorea eta Juan Jesús Corcin Erriberriko nekazaria.
Besteak beste, liburuan egileak labore transgenikoen inguruan dauden beharrezko zalantzen eta segurtasunaren inguruan jarduten du. Izan ere, hainbat txosten eta ikerlanek diotenez ez dago garbi ez dutela kalterik egiten eta ziurgabetasuna agerikoa da. Olarietak dioenez, oinarri zientifikoak daude arreta printzipioa kontuan hartzeko, hainbat herrialdetan gertatu den bezala.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org