Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren erdigune bilakatuko da uda honetan Euskal Herria. Via Campesina erakundeak Derion (Bizkaia) egingo du bere zazpigarren batzarra, uztailaren 16tik 24ra. Mundu osoko 170 nekazari elkarteetako 600 ordezkari etorriko dira, baserritarrek beren lana egiteko duten eskubidea eta herritarrek elikagai osasuntsuak jasotzeko dutena aldarrikatzeko. Nafarroan ere aukera izanen dugu mugimendua gertutik ezagutzeko. Izan ere, uztailaren 24, 25 eta 26n erakundeko 50 pertsona inguruk hona etorriko dira esperientziak elkarbanatzeko, erakundeekin biltzeko eta Nafarroako mugimendu sozialen berri izateko.
La Via Campesina 24 urteko bizitza duen erakundea da eta lau urtero ospatzen dituen Konferentzia hauetan etorkizuneko estrategia eta borrokak finkatzen ditu. 2009 eta 2013. urteetan Zimbawe eta Djakartan ospaturiko Konferentzien ostean, EHNE-Bizkaiak hartuko du uztailaren 16 eta 24a bitartean Derioko Seminario zaharrean ospatuko den VII. Konferentzia antolatzeko lana.
La Via Campesina baserritarrez osatua dago, populazioari jana eman nahi dioten elikagai osasuntsu eta iraunkorren ekoizleez. Hau lortu ahal izateko, ezinbestekoa da lurra, ura edo haziak bezalako ondasun komunak eskuragarri izatea. Ondasun hauek, hala ere, multinazionalen esku ari dira geratzen mundu osoan, espekulaziorako gai bezala erabiltzen diren merkantzia bihurtu dira. La Via Campesinak mugimendua bultzatzeko deia egiten du, elikadura burujabetzaren bidean aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak baitira jendartea inplikatuko duten aliantzak.
La Via Campesinak mundua aldatu nahi du, bakea eta justizian oinarrituko den mundu baterantz bidea egin nahi du, baserritarren giza eskubideak errespetatuko diren egoera baterantz, jendartea elikagai osasuntsuz elikatu dezaten. Helburu horrekin ospatuko du bere VII. Nazioarteko Konferentzia.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org